Joan den irailaren 25ean, ostirala, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, DNA 2020aren funtzionamendua eta egonaldi artistikoen formatua baloratu, aztertu, proposatu eta hobetzeko jardunaldi bat egin zen.
DNA ez da amaitu oraindik… Dantza garaikideko lau erakustaldi gelditzen dira, urri eta abendu artean egingo direnak, baina egonaldi artistikoak bukatu dira.
Bukaera-jardunaldi horretara Nafarroako kulturaren ordezkariak, kultura-etxeetakoak, antzokien sarekoak, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentukoak eta, jakina, aurtengo lau egonaldi artistikoetako zuzendariak eta koreografoak joan ziren.
Jardunaldi horren buru Natividad Buil bitartekaria izan zen, eta, aurreko urtean bezala, nabarmendu zuen DNA 2020k sortze-aniztasun bati eutsi diola, oso askotarikoa den paleta artistiko bati. “DNA laguntzak ez doaz berariazko atal batera: gazte koreografoak. Baizik eta garatzeko nolabaiteko heldutasun-maila bat duen proposamen artistiko batera doaz. Aurtengo lau proposamen artistikoak erabat desberdinak diren proposamenak dira, eta bakoitzaren guztiz partikularrak. Bakoitza bere espektro artistikoan, dagoen aniztasun handia erakusten duena”, adierazi zuen.
Aurten, egonaldi-proiektuak hauek izan dira: Saioa Belarra eta “Pioneras” pieza; Inés Aubert eta “En tiempo”; Andrea Irurzun eta “Re-Des”; eta Estitxu Arroyo eta “La memoria de la carne”.
Bitartekariak planteatu zituen galderei erantzun zieten bertaratutakoek, eta eztabaia erraztu zuten. Eztabaida horretan, egonaldien zuzendariek, DNAn parte hartutako kultura-etxeetako edo guneetako teknikariek eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentukoek egonaldien eginkizunaren gainean hausnartzeko aukera izan zuten, gune horietarako dituzten onuren, DNAren hurrengo edizioetarako iradokizunen eta abarren gainean.
Egonaldiak hartu dituzten kultura-etxeetako teknikariek parte-hartzaileen lana, sormena eta zorroztasuna nabarmendu zuten. Lau guneak ezin hobeto konektatu dira artistekin, eta konfiantza handieneko harremanak sortu dira. Esperientzia oso atsegina izan da denentzat.
Bitartekariak galdera eta gai asko planteatu zituen. SARS-CoV-2 koronabirusaren ondoriozko babes-neurriak zirela-eta, ordea, denbora gutxi izan zen saiorako.
Natividad Builek adierazi zuen beharrezkoa izango dela gogoeta sakonagoa egitea, baina argi gelditu dela “egonaldiek balio dutela, lurralderako baliagarriak direla, guneetarako (kultura-etxeak) eta artistentzat. DNA bidea egiten ari da…”.