Iruñeko Media Luna parkean eta oso egun eguzkitsu batean egin zen DNA’20 programako egonaldi artistikoetako lau zuzendarien –Andrea Irurzun, Estitxu Arroyo, Inés Aubert, Saioa Belarra– eta Nati Buil bitartekariaren arteko lehen topagunea.
Dantzariak, interpretatzaileak, koreografoak, irakasleak, zuzendariak, artistak… Zail egin zitzaien lau artista hauei beren burua aurkeztea, dantza garaikidearen sektore profesionalak oso egoera konplexua baitu. Bertan, ez dago mugarik jardun edo lan desberdinen artean, eta profesional gehienek beren lan-jarduera arlo ugaritan gauzatu behar dute.
Lau artistek pasioa sentitzen dute arte honekiko, eta sakrifizioa, nork bere buruari uko egitea, buru-belarri aritzea eta entrenamendu bizia eskatzen duela uste dute. Eta bostak –hitzordu horretara Iria Lumbrera ere joan baitzen, interpretatzailea eta koreografiako laguntzailea Re-Des egonaldian– bat etorri ziren aipatzean zoritxarrez dantza gutxiengoen artea dela eta ikus-entzuleentzat oso ezezaguna.
Eskerrak eman zizkioten Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuari, dantza sustatzeko interesa edukitzeagatik eta haietako bakoitzari, egonaldi artistikoa lortzearen bidez, ikasteko aukera emateagatik.
Denek “oparitzat” jo zuten eta ziurtatu zuten oso gustura aritu direla beren lan-lekuetan (Saioa Belarra Tafallako Kulturgunean, Inés Aubert Agoizko kultura-etxean eta Andrea Irurzun Antsoaingo Antzokian). Topagunea egin zutenean, Estitxu Arroyok oraindik ez zuen hasia egonaldia (Ribaforadako kultura-etxean egingo du), baina instalazio bakoitzeko kultura-teknikariek lan egiteko eman zieten askatasuna eta laguntza handia goraipatu zuten gainerakoek.
Artistak direnez, laurak ibili dira munduan zehar eta lan egin dute zenbait herrialdetan, baina gazteak direlako edo artisten bizimodua zaila delako eta laguntza gutxi duelako, “ziurgabetasuna” hitza presente dago beren bizitzetan.
Aitortu zuten lanbide honek berezitasun batzuk dituela, eta zenbaitetan babesgabe eta oso bakarrik sentitzea ekartzen diela. “Nafarroan bada honetan aritzen den jendea, baina oso bananduta aritzen da, bakoitza bere aldetik, eta ez dago akonpainamendurik, beste probintzia batzuetan bezala, proiektua aurrera eramaten laguntzeko. Oso gogorra da”, bat etorri ziren laurak.
Ikusi ahal izan genuenez, dantzak distira egiten du agertokiaren gainean, baina lanbideak egoera zaila du aurrez aurre, itzalak dituena argiak baino gehiago: lan-prekaritatea, zenbaitetan beste lan bat edukitzera behartzen dituena; proiektuak finantzatzeko dirua edukitzeko zailtasuna, Administrazioaren dirulaguntzak edo bekak jaso arren; entrenatzeko leku egokiak bilatzen aritu behar izatea etengabe; eta, oro har, laguntza-eskasia.
Beren ustez, Nafarroa “eraikitzen edo egiten” ari da, pixkana gauzak ongi egiten ari dira, kultura-programazioa hobetu egin da, eta baikor agertu ziren dantza garaikidea ikus-entzule gehiengana iristen joateari eta Nafarroako kulturan gero eta toki handiagoa izateari dagokionez.
Ontzat jo zuten gure komunitatean entrenatu ahal izateko lagatako tokiak egotea, baina oso kezkatuta agertu ziren orain, COVID-19aren eta higiene-arauen ondorioz, egoera zaildu egin delako. Artista hauentzat entrenatzea oinarrizkoa da, beren lana da. Hobekuntza moduan, aipatu zuten badirela gutxiegi erabiltzen diren azpiegiturak eta, beren ustez, lan egiteko leku bikainak izango liratekeenak, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren Dantza Eskola. Soil-soilik goizetan dago irekita, eta dantzarien entrenamenduetarako leku ona izango litzateke.
Elkarri aurpegi emateko, elkar ezagutzeko, iritziak trukatzeko, bakarrik ez sentitzeko elkartzeko (dantzaren arloko Nafarroako elkarte bat eratzeaz ere hitz egin zuten) eta laurek, nahiz eta oso ezaugarri desberdinekin, kezka berberak dituztela eta, jakina, dantza maite dutela ikusteko topagunea izan zen.
Artistak dira, sortzaileak eta denek ilusio handia konpartitzen dute.