Salgai “Gustavia”, “Sin baile no hay paraíso" eta "Erritu” DNAren ikuskizunen online-sarrerak.
Hurbil dugu DNA - Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiaren hirugarren edizioa, eta jadanik daude salgai programatutako bi ikuskizunetarako sarrerak: “Gustavia”, Mathilde Monnier eta La Ribotena, maiatzaren 11n, Iruñeko Gayarre antzokian, eta “Sin baile no hay paraíso”, Pere Faurarena, maiatzaren 4an, Tuterako Gaztambide antzokian, eta maiatzaren 5ean, Atarrabiako Kultura Etxean. Bai ikuskizun horietarako sarrerak, bai gainerako ikuskizunetarakoak online eros daitezke web-orrian, gaur bertan estreinatu dugun DNA jaialdiaren webgune berrian.
Haiez gain, DNAn estreinaldi erabatekoak izango diren beste emanaldi batzuez ere goza dezakegu: “Erritu”, Kukai eta Sharon Fridmanena, Aralarko San Migel santutegi berezi-berezian, apirilaren 30ean, eta “The Night: Visioning a Post-Capitalist Society While We Sleep”, hello!earth daniarrena, Iruñeko Ziudadelan, maiatzaren 5etik 12ra. Halaber, Jérôme Bel-en “Gala” lanaren Espainiako estreinaldia hartuko du DNAk, maiatzaren 9 eta 10ean, Barañain Auditorioarekin izandako kolaborazioari esker.
Abian da dagoeneko “Dantza eta Ekologia” hezkuntza-egoitza, Itsaso A. Cano nafarraren Zuk Performing Arts konpainia garatzen ari dena Ribaforadako Kultura Etxeko hip hop ikasleen laguntzarekin. Egoitzak dantza eta bideoa erabiltzen ditu Nafarroako Erriberan ingurumena zaintzeaz sentikortzeko lanabes gisa, eta horren emaitza “Ura”, lana izango da, maiatzaren 4an estreinatuko dena, Ribaforadan.
Bukatzeko, amaitu da “Gala” ikuskizunerako otsailean hasitako castingaren prozesua. Hilabete bat eta erdi lanean emanda, Iruñeko eta Nafarroako 20 pertsona hautatu dira Jérôme Belen lan horretan aritzeko.
Kultura Zuzendaritza Nagusia–Vianako Printzea Erakundeak bultzatutako jaialdia da DNA, Nafarroan sorkuntza garaikidearen berreskurapena sustatzea xede duena.