Aurkezpena

DNA ikusle berriei ireki, eta kalea hartuko du

Mugimenduaren arteak Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiaren eskutik itzuliko dira, hamabi tokitako (Iruña, Sakana (Aralarko San Migel santutegia), Agoitz, Barañain, Uharte, Mutiloa, Noain, Atarrabia, Ribaforada, Zangoza, Tutera eta Zizur Nagusia) bazterrak hartuta.

Apirilaren 29tik maiatzaren 13ra, dantza garaikiderako topaleku bilakatuko da DNA berriro; izan ere, 2016ko udazkenean egin zen estreinako edizioa, eta 2017ko udaberrian, bigarrena.

Oraingoan, Dantzaren Nazioarteko Egunetik hurbil kokatuko da, betiko kokatu ere, Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdia, hots, urteroko apirilaren 29tik hurbil. Hartara, hamabost egunez beste hainbeste lan programatu dira, baita lankidetza-, topaketa- eta prestakuntza-jarduerak ere. Mundu mailako estrainaldiak izango dira: “The Night: envisioning a Post-Capitalist Society While We Sleep”, hello!earthena; “Erritu", Kukai eta Sharon Fridmanena;  “Gorputza-Dokumentua”, Estitxu Arroyo nafarrarena, Nafarroako Artxiboan egindako egoitza baten emaitza; eta “Errata Naturala”, Led Silhouette kolektibo nafar-madrildarrarena. Estatu mailakoak ere izango dira, hala nola "Gala", Jerome Bel-ena, edo “Calling Tree”, Simon Whitehead eta Rosemary Lee britainiarrena. Horrez gain, “Gustavia” lanak dantza europarraren emakume ahaltsuenetako bi bilduko ditu: La Ribot eta Mathilde Monnier.

DNAk antolatutako egoitzen artean, “Dantza eta Ekologia” Zuk Performing Arts konpainia garatzen ari da, Ribaforadako Kultura Etxeko hip hop ikasleekin batera, eta “Lurralde-Gorputza” prestakuntza eta trukaketa artistikorako gunea da, Huarte Zentroarekin batera egiten ari dena. Hartara, lurraldetasuna hartu da ekintza-ardatz gisa, nazioarteko ukitu nabarmena duen edizio honetako programazioan.

Aurreko edizioetan haren ezaugarri izandako balioak bere egiten ditu berriro DNAk, hala nola dantzaren inguruan begirada eta diskurtso desberdinak sortzea, dibertsitaterako arretaren aldeko apustua egitea eta abangoardiako azken joerei eta lengoaiei ateak zabaltzea.  Berrikuntza gisa, edizio honetan, jaialdiak ahalegin berezia egin du dantza garaikidea ikusle berriei irekitzeko, batez ere haurrei zein familiei.  Horretarako, ikusleak hartan trebatzeko tailer eta jarduera espezifikoak abiatu dira. Halaber, kalean dantza gehiago egongo da, herritarren egunerokoan txertatu nahi baititu DNAren programazioak ikuskizunak.

Natura, ekologia, komunitatea eta arkitektura, besteak beste, dira DNA 2018aren DNA. Kultura Zuzendaritza Nagusia–Vianako Printzea Erakundeak bultzatutako jaialdia da, Nafarroan sormen garaikidearen berreskurapena sustatzea xede duena. 

Dori López Jurío
Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria


Utzi dantza garaikidearen artista handien lan enblematikoek eta tokiko zein estatuko artisten ekoizpen berriek limurtu zaitzatela, horixe DNA 2018 jaialdiaren gonbitea. So egiteko, paseatzeko eta elkarrekin dantzatzeko plazera sentitzeko gonbitea baita DNA 2018.

Hiru lan-lerrotan eusten jarraituko dugu edizio berri honetan: tokiko sormen garaikidea sendotu eta ikusaraztea, ikusle dantzazaleak sortzea eta trebatzea, eta komunitatearen eta ekologiaren gaia ardatz hartzea. DNA 2018k artista nafarren lau lan aurkeztuko ditu, haietako hiru estreinaldiak: Ura, Zuk Performing Arts konpainiak Ribaforadako Kultura Etxean egindako egoitzaren emaitza, Cuerpo -Documento, Estitxu Arroyo cintruenigoarrak Nafarroako Artxiboan egindako egoitzaren fruitua, eta Errata Natural, Led Silhouette kolektiboarena. Halaber, Kirolak berriro ikusteko aukera izango dugu, Helena Lizari eta Laida Aldazena.

Edizio honetan, adin guztietako ikusleak dituzte jomuga lan gehienek, gizartera hurbildu nahi baita dantza garaikidea; antzokiez gain, gainera, hainbat herritako kaleak eta natura-eremuak hartuko ditu. Xede horrekin, ikusleak sortu eta prestatzeko programa pilotua abiatu dugu, eta aurkezpenak eta tailerrak antolatu dira hainbat elkarte, talde eta eskolarekin batera. Programaren zati dira, baita ere, dantzaren historiara hurbilduko gaituzten lanak, hala nola Toni Jodarren mintzaldi dantzatuak zein Pere Fauraren Sin baile no hay paraíso: mi propia historia de la danza emanaldia.

“Nafarroa kontinente bat da”, dio jotak. DNAk mugimenduaren arteen dibertsitatea ospatu nahi du, baita gure lurraldearen biodibertsitate harrigarria ere. Erritu eta Ura lanak estreinatuko ditugu, Kukai eta Sharon Fridmanena, lehena, eta Zuk Performing Arts konpainiarena, bigarrena; Nafarroako paisaia bereziekin mintzatzen dira bi lanak, hala nola Artxueta mendiko gailurrarekin, Aralarren, eta Bardeako eremu basamortutarrekin, hurrenez hurren. Bestetik, Iruñeko zuhaitz-ondarearen dibertsitatea Calling Tree emanaldiaren artisten omenaldia jasoko du (Rosemary Lee eta Simon Whitehead zuzendarien eskutik), hiriko kale, parke eta lorategien barna egingo diren performance eta paseo ibiltarien bitartez. DNA 2018ko beste eremu berezietako bat Iruñeko Ziudadela izango da, jaialdiaren amaiera bikainaren egoitza izango dena, maiatzaren 12an, larunbatarekin, okupazio artistiko baten eskutik. Halaber, karpa bat jarriko da Ziudadelan, hello!earth daniarren gau- esperientziak hartuko dituena, The Night, Visioning a Post-capitalist Society While We Sleep lana estreinatuko baitute jaialdian.

Gorputz, adin eta gaitasunen dibertsitatearen ospatze hura ere Jérôme Belen Gala lanaren abiapuntua da, baita Mathilde Monnier eta La Riboten Gustavia lanarena ere (“emakume izate”-aren dibertsitatea zalantzan jartzen du lan horrek).

Jakitera eman nahi dut, bukatzeko, Antzokien Nafar Sarearen zein programazioan parte hartuko duten Nafarroako kulturagune, elkarte, agentzia eta udalen lankidetza zintzoari esker izan dela posible DNA 2018 jaialdia. Esker mila aunitz guzti-guztiei.

Isabel Ferreira
DNAko zuzendari artistikoa 

ANTOLATZAILEAK

Nafarroako Gobernua
Kultura Nafarroa
Baluarte Fundazioa

LAGUNTZAILEAK


Altsasuko Udala
Antsoaingo Udala
Lesakako Udala
Berriozarko Udala
Lizarra Udala
 Castejongo Udala
Ribaforadako Udala
Etxarri Aranazko Udala
Zangozako Udala
Tafallako Udala
Zizur Nagusiko Udala
Kultur Etxea
 San Adriango Udala
Kultur Zentroa - Noain - Elortzibar
Agoizko Kultur Etxea
 Corellako Udala
 Murchanteko Udala
 Vianako Udala
Generalitat Valenciana
Peraltako udaletxea
Haizea. Asociación por la Danza en Navarra
Escuela de Arte de Corella
Alaitz BHI
Nafarroako museoa
Atalak
 Nafarroako Dantza Eskola
 Nafarroako Unibertsitate Museoa
Dansa Vàlencia