DNAren edizio berri honetan, Nafarroako dantzaren profesionalek aurreko edizioan landu dituzten sormenezko proposamenak ikusiko ditugu Nafarroako Antzokien Sareko hainbat agertokitan, erakusketei dagokienez, baita aurtengo egonaldi artistikoetan forma hartzen hasiko diren beste proposamen batzuk ere.
Proiektu horiek guztiak lurraldearekin eta publiko hartzaileekin lotuta daude, eta dantza garaikidea hizkuntza komun bihurtzen dute; haiei esker, inguratzen gaituen mundua ezagutzen ahal dugu, eta artearen bitartez komunikatzeko beste modu batzuez baliatzen ahal gara.
Edizio berri honetan, gure lurraldean dantza garaikide profesionala sustatzeko helburu bera izaten jarraitzen dugu.
Horrela, 2025eko edizioan egonaldi artistikoak egin zituzten lau konpainien erakustaldia eta estreinaldia izanen ditugu, apirilaren 10etik maiatzaren 10era bitartean, Nafarroako Antzoki Sareko 16 agertokitan: Dinamo Danza, Qualia obrarekin; Olatz Larunbe, Etena Dena obrarekin; Ane Sagüés eta Paula Puchalt, Mi Carrera obrarekin; eta Led Silhouette, Ultimatum obrarekin.
Gainera, maiatzetik irailera bitartean eginen diren lau egonaldik balioko dute, lau astez eta berriz ere Nafarroako Antzokien Sareko hainbat agertokitan, etorkizuneko ekoizpenen ernamuina izanen diren sormenezko proiektuak lantzeko. Aurten, IXA konpainiak, Idoia Rodríguezek, Amelia Álvarezek eta Saioa Larak espazioak sortu, ikertu eta partekatuko dituzte publikoarekin eta DNAren egonaldi artistikoetan parte hartzen duten beste profesionalekin.
Erakustaldiak eta egonaldiak osatzeko, bitartekaritza-jarduerak eginen dira herri bakoitzeko publikoarekin, arte-diziplina honen ezagutzara eta gozamenera hurbiltzeko.
Ohikoa denez, gure helburuetako bat baita, lankidetzan jarraitzen dugu Nafarroan dantza garaikidearen sustapenaren eta hedapenaren alde lan egiten duten beste entitate batzuekin.
Hala, DNAk hainbat jarduera programatuak ditu mugaz haraindiko Atalak proiektuaren esparruan; bestetik, Nafarroako Unibertsitatearen Museoak antolatutako Museoa dantzan zikloan egonen da, baita Dansa València jaialdiaren programazioan ere; eta, gainera, zenbait ekintza eginen ditugu hainbat hezkuntzaerakunderekin batera, dantzaren errealitate profesionala oraindik prestakuntza-fasean dauden etorkizuneko Nafarroako dantzariekin lotzeko.
Gozatu Nafarroako dantza garaikidea protagonista duten sormenezko esperientzia hauetaz.
DNA. Nafarroako Dantza Garaikidea programa artistikoa Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen du, Baluarte fundazioarekin batera, dantza garaikidea eta mugimenduaren arteak sustatzeko.